jueves, 19 de abril de 2007



Neska bat trial egiten ikustea ez da ohikoa. Nola bururatu zitzaizun honetan hastea?

Txikitatik nire aita trial egiten ikusi izan dut eta errepidean ibiltzeko motorra ere bazuenez, bederatzi urterekin aitari trialeko motor bat erosteko eskatu nion.

Neska gehiagorik ba al da Euskal Herrian trialean egiten duenik?

Hiru bat ezagutzen ditut. Balmasedako bat, Astigarragako beste bat eta ni neu; hirurak adin bertsukoak gara, gainera.

Lehia handia al duzue zuen artean?

Balmasedakoa ni baino urtebete gazteagoa da, eta horregatik, beste maila batean aritzen da. Idoia Pey Astigarrago neska eta biok, berriz, maila berean gaude, eta lehiaketan elkarri zirikatzen diogu. Adiskideak gara, baina lehiaketan bakoitzak bereari begiratzen dio.

Mutilekin batera aritzen al zarete neskak?

Bai, bi besterik ez gaudenez, mutilekin batera aritu behar dugu derrigorrez.

Eta zuen eta mutilen artean alde handiak al daude?

Ez. Euskal Herrian gure adineko pare bat mutil dabiltza gure maila bertsua dutenak. Gehienetan, ordea, guk, neskook, irabazten dugu. Errioxan hamaika bat mutil daude, eta guk garaitu egiten ditugu askotan; ez dakizu orduan nola haserretzen diren gurekin. Aitak, sutan, zera esaten die orduan: «Nola da posible neska batek irabaztea? ».

Nolako zirkuitutan aritzen zara?

Triala bi eratara egin daiteke: indoor motakoa, pabiloi baten barnean, ala mendian. Ni mendian lehiatzen naiz, han prestatzen den zirkuitu batean. Mailaren arabera, ibilbide zailagotik edo errazagotik joan zaitezke, eta lurrean oina zenbat aldiz jartzen duzunaren arabera, puntuazio altuagoa edo baxuagoa emango dizute.

Zer da motorreko modalitate honetan garrantzitsuena?

Teknika eta orekaz gain, garrantzitsuena zera da, norberak bere burua konbenzitzea aurrean duen oztopoa gainditzeko gai dela.

Beldurrik sentitu al duzu inoiz motor gainean?

Bai. Koska eta malda handi bat jaitsi behar duzunean, orduan barruko guztia mugitzen zaizu, baina triala horixe da, beldurra izan eta beldurra gainditzea.

Motorra zaintzeak diru eta denbora asko kentzen al du?

Lehenengo motorra 9 urterekin erosi nuen, eta 50 cc-etako zilindradakoa zen. Handik bi urtera txikia geratu zitzaidan, eta orain bigarren motorrarekin dihardut, 125 cc-etako beste batekin. Motorra txikia geratzen zaizunean, hau da, zuk egin nahi dituzun ariketak egiteko gai ez denean, aldatu egin behar da.

Jendea harritu egiten al da zu bezalako neska gazte bat trial egiten ikustean?

Denetarik dago, baina normalean helduek ikusten dutenean zer nolako maila dudan errespetu osoz tratatzen naute. Errioxan, berriz, adarra asko jotzen didate.

«Sarri askotan garaitu ditut mutilak trialeko lasterketetan»


Nor da?
Adina : 13 urte.
Sorlekua : Andoain.
Ikasketak : DBH 3ko ikasketak egiten ari da Andoaingo Aita Larramedi Ikastolan.
Palmaresa : Euskadiko txapeldun izan da hirutan, bi bider jubeniletan eta beste behin kadetetan. Inguruko mendietan entrenatzen du, baina Soria eta Errioxa aldera ere joaten da.

No hay comentarios: