viernes, 18 de mayo de 2007

Euskal Herriko trialeko oraina eta geroa



Bizikleta gaineko malabaristak

Ez dira zirkuan ibiltzen, ez dute pilota edo mazorik jaurtitzen kale-izkinetan, baina Alberto Gómez eta David Galán bike-trialeko txirrindulariek trebetasun ikaragarria ageri dute bizikleta gainean. Benetako malabarismoak egiten dituzte; oztopo zailenak gainditzeko gauza dira.

Alberto Gómez 27 urteko donostiarra bike-trialeko munduko espezialista onenetarikoa da (hirugarrena da munduko rankingean); berak aitortu digu erorikoak izatea oso arraroa ez bada ere, lesio larri bat izatea ez dela ohikoa. «Nik neuk behin izan dut ezbehar larri samar bat, eta ondorioz ebakuntza egin behar izan zidaten», azaldu digu.

David Galán donostiarrak, berriz, 11 urte besterik ez ditu, eta behin baino gehiagotan erori izan dela onartu digu. «Behin horma batetik salto egiten hasi nintzela, aurreko gurpila zulo batean sartu eta buruz behera erori nintzen. Eskerrak kaskoa jarrita nuen...». Albertok, albotik: «Pentsatzen dut kaskoa jarrita zenuela, derrigorrezkoa baita erabiltzea». «Lasai –erantzun dio Davidek–, bizikleta gainean jarri aurretik kaskoa jartzen dut, lehenik eta behin».

Alberto Gómezek duela hamabost urte heldu zion kirol bitxi honi. Bitxia diogu, izan ere, aulkirik gabeko bizikleta baten gainean, eta oztopoez betetako lekuetan egundoko abilezia erakusten dute-eta: harriak, hormak, haitzak... era guztietako oztopoak gainditzen dituzte; eta, hori, ahal izanez gero, oinak lurrean jarri gabe. Davidek bike-trialeko ikastaro bat egin zuen duela hiru urte, «eta hurrengo urtean errepikatu eta lehiatzen hasi nintzen. Hala sortu zitzaidan bike-trialerako zaletasuna». Kaskagorra izan beharra

Munduko txapeldun izandakoa da Alberto, eta bere iritziz, «kirol honetan aurrera egiteko kaskagorra izatea ezinbestekoa da. Aurrena espaloi bat igotzen hasten zara, gero hormatxo bat, eta azkenerako zure auzoko eskailera guztiak igotzen dituzu bizikletarekin». Davidek baietz egiten du buruarekin. «Ni, behintzat, halakoa naiz. Espaloi bat igotzea lortzen badut, gero zerbait zailagoa gainditu nahi dut, eta hori lortuta, zailagoa den beste oztopo bat... eta hala, ahalik eta zailtasun handiagoko oztopoen bila ibiltzen naiz».

Zergatik erabiltzen dituzte, baina, aulkirik gabeko bizikletak? «Traba egiten dutelako dio Albertok. Garai batean, bike-trialeko bizikletek aulkiak beheraino jaitsita izaten zituzten, baina aspaldi honetan aulkirik gabe datoz hauek». «Ez dugu aulkiaren beharrik –erantsi du Davidek. Gero eta pisu gutxiago izan bizikletak, hobe; horrela, hobeto maneiatuko dugu eta muturra altxatzeko ere zailtasun gutxiago».

Kanpotik oso kirol zaila dirudi. David Galánek, ordea, zera esan digu: «Ez dut uste zailegia denik, baina hori bai, ordu asko sartu behar dira entrenatzen». Alberto Gómezek, berriz, dio garrantzitsuena kirol hau gustatzea dela. «Hortik aurrera, hobetu ahala, jarraikortasuna izatea, eta ez etsitzea».

Nortzuk dira?
Alberto Gómez

Sorlekua: Donostia.
Adina: 27 urte.
Palmaresa: Munduko txapeldun junior mailan (1994); munduko txapeldunordea; hirutan master, nagusien mailan; Espainiako txapeldun hirutan. Aurten, hirugarren postuan dago munduko rankingean.

David Galán

Sorlekua: Donostia.
Adina: 11 urte.
Taldea: Euskal Trial Kluba.
Palmaresa: Gipuzkoa eta Euskadiko txapeldun alebin mailan (2003); hirugarren Euskadiko Txapelketan (2004); eta aurten, «Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak irabazi nahi ditut. Espainiakoan lehen hiruen artean sailkatuko nahiko nuke, halaber».
Ikastetxea: Loiolako San Inazio ikastetxea

No hay comentarios: